XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Metodo aktiboen aldeko irakasle asko eta asko dago gure artean, baina zenbaitetan, ikasleen pasibitatea edo ardura falta direla eta, klaseko dinamika makala denean, lehengo metodo estuetara jo edo ez jo zalantzan jartzen gara.

Porrot horren errua, beharbada, ez dago metodoetan, taldeak behar bezala girotu eta sendotu ezean baizik.

Ikasleek irakaslearekin batera taldeko partaide sentitzen badira, ikasprozesuaren ardura beren gain hartuko dute, horrela lan osoa erraztuz.

Baina horretarako irakasleak talde-dinamikaz baliatzen hasi beharko du, taldea motibatzeko.

Liburu hau oso tresna baliagarria gerta daiteke irakaslearentzat, lehenengo, talde-garapenaren bost urratsak ezagutzeko, eta bigarrenez, urrats bakoitzari dagokion lana praktikan jartzeko.

Urratsak hauexek dira: a) Ikastaroaren hasierako orientazio-urratsa; b) Arauak jartzeko urratsa; d) Taldeko istiluak konpontzeko urratsa; e) Eginkortasuneko urratsa; eta f) Ikastaro bukaerako urratsa.

Kapitulu bakoitzaren hasieran talde-garapenaren urratsen ezaugarriak aurkezten dira eta mementu horretan taldeak dituen beharrak; ondoren hezitzaileak taldearen behar horiei erantzuteko izan behar dituen jarrera egokiak; hirugarrenez ikasleengan trebetasun eta jarrera berriak sortzeko ariketen bilduma pausoz pauso zehaztuta, eta batzutan baita ariketa horiek ikas-programaren barruan nola sar daitezkeen ere.

Dena den, oso kontuan hartu behar da liburua ez dagoela hizkuntzen irakaskuntzari lotua, oro har, heziketari baizik.

Gauzak horrela, ezin aplika daitezke, zuzen-zuzenean behintzat, hemengo teknika guztiak.

Beraz, irakaslearen esku gelditzen da ariketak aukeratzea eta egin beharreko moldaketak egitea.